XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ediliren eta Alderdiaren artean zer gertatzen ari zen galdetu nion.

Etxegarai eta Idoeta zirela arazo erantzun zidan.

Hor dauden bi horiek ez dakit nondik dabiltzan, esan zidan.

Baina ez zidan esan garbi zer zuten bi horien kontra.

Nik Ajuriagerrarengana jo beharko nuela adierazi nionean, Ajuriagerra berezi samarra zela eta Lucio Artetxerengana joateko esan zidan.

Joan nintzaion Santanderreko herriska batera uda zen, eta hitz egin zidan hauei buruz: ezkerreko joera zutela, beste alderdi politikoren bat sortzeko gogoa ote zuten susmoa zutela, eta badaezpada ere argi egon behar zela...

Beste behin urretxuar eta eibartar batek deitu ninduten, Elorrion elkartu ginen, eta esan zidaten Etxegarai eta Idoeta bota egin behar nituela handik: Botatzen badituzu laguntza osoa izango duzue, baina botatzen ez badituzu, gerra. Zuk ere gerra izango duzu.

Hori zen giroa, eta ni hor nenbilen orekak egiten. 1967-68 ingurua izango zen.

Leopoldo Zugaza ere beti gauza bera errepikatzen ari zitzaidan: kontuz ibil zaitez horiekin, kartzelan bukatuko duzu...

Ez nion kasurik egiten.

Inori ez nion kasurik egiten.

Inoiz nitaz baliatu ziren etxean norbait gordetzea, nire telefonoaz baliatzea, Iparraldera paketeren bat eramatea... baina ezjakinarena egiten nuen.

Nik garbi jokatzen nuen, ez nuen politikaz hitz egiten inorekin.

Eta ahal zen gutxiena jakiten nuen, ez nuen galdetzen hau nor zen eta bestea zertan zebilen, ez nintzen sartzen ezertan, eta horrek lasaitasun bat ematen zidan.

Horrek ez du esan nahi konpromiso guztietatik libratzen nintzenik.

Azkenean nola konpondu zenuten Idoeta eta Etxegarairen gai hori?

Etxegarairekin argi eta garbi hitz egin nuen, eta berak utzi zuen.

Beste nahaspila batzuek zituen bere aldetik.

Baina arazo hori etorri orduko Edilikoa galdua zegoen.

Gauza bata egin edo bestea egin hori zuzentzerik ez zegoen.

Giro horren erdian, Ediliko Ezpeletak esan zidan Ajuriagerrarengana joan beharko genuela, konpondu egin behar genuela.

Ez nuen joan nahi